Alfredo Jaime Irujo (Iruñea, 1942ko maiatzaren 22a) UPNko politikaria da. Iruñeko alkatea izan zen 1991-1995 bitartean. Politikan 1979tik aritu da. UPNn sartu baino lehen (1983an) UCDko kidea izan zen. Nafarroako Parlamentuan batez ere egin du lan, baina ezagunagoa da Iruñeko alkatea izateagatik. Izan ere, postu horretan ziharduela, polemika mikatza izan zuen Juan Cruz Alli orduko Nafarroako Presidentearekin. Allik, 1994an, iradoki zuen Jaimek hirigintza arloan jokabide maltzurrak izan zituela. UPNn barneko ikerketa batzorde batek ebatzi zuen Jaime errugabea zela. Baina eragindako egonezinak, azkenean, Allik UPN uztea eta CDN alderdi berria eratzea ekarri zuen.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)