Amaia Zubiria (Donostia, Gipuzkoa, 1947ko irailaren 11) euskal abeslaria da. Euskal Abestigintza Berriak emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena. Haizea talde aitzindariko kantariak, 30 urteko ibilbidean, bakarkako lanak eta beste musikariekin osatutako egitasmoak tartekatu ditu. Kantaera dotore eta sakonaren jabe izanik, ez da harritzekoa haren ahotsa hainbat filmetan eta beste hainbat euskal artistaren diskoetan entzutea. Neskatoa zenez geroztik abestigintzarako giroa eta zaletasuna ezagutu zituen, batez ere amaren aldetik. Gazte-gaztetatik hainbat txapelketatan parte hartu zuen, baina bere ezkontza goiztiarrak jendaurreko agerpen eta grabazioetatik at utzi zuen aldi baterako. Txomin Artolarekin hiru disko argitaratu zituen, Pascal Gaignerekin ere beste hiru, horien artean 1985an Egun argi hartan izenburukoa. Bakarrean hamabi disko argitaratu ditu. Zubiriaren abestien oinarrizko gaiak hauek dira: maitasuna, galera, malenkonia, herrimina, transzendentziaren bilaketa eta gai herrikoiak.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)