Anari —jaiotzako izen-deiturez, Ana Rita Alberdi Santesteban— (Azkoitia, Gipuzkoa, 1970ko abenduaren 29a) euskal egile abeslari bat da. Filologia Erromanikoa ikasi zuen Gasteizen (Araba). 1997an hasi zen musika munduan, eta orduz geroztik bakarkako bost disko plazaratu ditu, eta beste bat Petti musikari nafarrarekin elkarlanean. Doinu goibel eta bakartiak, hitz biluziak eta atmosfera ezerosoak darabiltza, eta oso kritika onak jaso ditu. Hainbat abeslarirekin konparatu dute: PJ Harvey (zenbait girotan Euskal Herriko PJ Harvey deitu diote), Cat Power, Nick Cave... 2018an, Adarra Saria eman zioten, Donostiako Udalak euskal musikan egindako ibilbide artistikoa omentzeko 2014az geroztik ematen duen saria; sari hori irabazi duen lehen emakumea da. Gaur egun musika du lanbide nagusi, baina irakasle lanetan ere aritua da: Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza ikastolan Gaztelania eta Filosofia irakasten (2007. urtean); Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan, Gaztelania eta Literaturako eskolak ematen (2008), Donostiako Lauaizeta ikastolan (2009). 2022ko azaroan bere lehen liburua argitaratu zuen: Gari eta goroldiozko (Susa) eleberria.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)