Antton Maiz Bergara, pilota arloan Maiz II.a deituraz ezaguna (Arantza, Nafarroa Garaia, 1951ko abuztuaren 24a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Atzelari jokatzen zuen. Debuteko partida 1975eko ekainaren 24an jokatu zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan. 1995ean erretiratu zen, 44 urte zituela, Bilboko Deportivo pilotalekuan. Gorputz handiko jokalaria, indartsua, ondo mugitzen zen jokalekuan, behar zuen lekuan jartzen zen, eta oso pilota gutxi galtzen zuen. Izaeraz jatorra eta apala, bere aurrelaria asko animatzen zuen beti. Retegi II.ak, Martinez de Irujok eta hirurek dute esku huskako binakako txapelketa nagusi gehien irabaztearen marka, bosna aldiz irabazi baitzuten. Maiz II.a izan zen marka hori lortu zuen lehena, 1978an, 1981ean, 1983an, 1984an eta 1993an irabazi baitzuen. Horrez gain, 1980an buruz buruko txapelketa nagusian txapeldunorde izan zen, eta 1976an bigarren mailako buruz burukoa irabazi zuen. Erretiratu zenean Asegarcek (bere azken enpresak) intendente izateko kontratatu zuen. Hala ere, istripuz bi orno hezur hautsi zituen, eta lan egiteari utzi behar izan zion.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)