Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez

Arantza Díaz de Ilarraza Sánchez (Donostia, 1957ko apirilaren 18a) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle osoa da. Donostiako Informatika Fakultatean lan egiten du 1981etik. Euskal Herrian aitzindaria izan da Hizkuntzaren Prozesamenduaren eta Adimen Artifizialaren arloetan. 1990eko bere tesia arloko lehenetakoa izan zen. Arlo horretan bide-urratzailea eta ekintzailea izan da, eta eragin nabarmena izan du Euskal Herriko nahiz nazioarteko hainbat erakunderen eta ikerkuntza-sareren sorreran eta bilakaeran. Ixa Taldearen sortzailea izan zen Iñaki Alegria, Xabier Arregi Iparragirre, Xabier Artola Zubillaga eta Kepa Sarasolarekin batera, eta taldearen koordinatzailea izan da hasiera-hasieratik, 30 urtean. Nabarmentzekoa da ibilbide osoan taldeari eman dion garrantzia eta lortu duen proiekzioa. Ixa Taldea erreferentziazkoa izan da eta da aipatutako arloan, nola Euskal Herrian hala nazioartean. Ikerketa-lan horrek gizartean eta, batez ere, euskal komunitatean eta euskal kulturan izan duten eragina ere nabarmentzekoa da. Xuxen zuzentzaile ortografikoa eta itzultzaile automatikoak dira tresna ezagunenak, baina badira beste asko ere. Hori dena aitortu zuen, besteak beste, 2013an jasotako Abbadia Sariak.2018an HiTZ ikerketa-zentroa sortu zuen, Ixa eta Aholab taldeen indarrak batuz, eta bera izan zen zentroaren lehen zuzendaria, Eneko Agirrek eta German Rigauk 2020an ardura hori hartu zuten arte. Hizkuntza-teknologia ardatz duen zentro berri horretan 63 ikertzailek egiten dute lan egun (2021eko otsaila). Lan aparta egin du adituak eta doktoreak formatzen hizkuntzaren prozesamenduaren arloan. Zuzendu dituen 14 tesietatik harantzago, arloko hainbat doktorego-programaren arduraduna izan da; guztira 55 tesi irakurri dira euskaraz lerro honetan, 1988tik hona. Bestalde, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua / Language Analysis and Processing masterraren zuzendaria ere izan da; master-titulu hori euskaraz eman izan da hasieratik, eta ingelesez 2014tik aurrera, Erasmus Mundus mailako master gisa. Guztira ia 200 lagun dira master horietatik sortu diren adituak. 2012an, UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako idazkari akademikoa ere izan zen.

Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)

Gipuzkoa
Emakumezkoa
(1957-04-18) 67 urte
Frantsesa, Gaztelania, Ingelesa, Euskara
informatikari, unibertsitateko irakasle

LANDU ORTOGRAFIA

LANDU LEKU IZENAK

LANDU DEKLINABIDEA