César Oroz Martija (Iruñea, 1968) nafar marrazkilari eta binetagilea da. Diario de Navarran egiten du lan 1991tik, eta bertan plazaratzen du egunero Punto final izeneko bere zinta. Gainera, La tira de Oroz tirak ABC egunkari espainiarrean ikusten du argia, 2006tik aurrera. Kolaborazio ugari egin ditu El Jueves (2005/2011), Dominical ABC (2006/2010), Sibaritas (2005/2010), Actualidad Juridica Arantzadi (2013/2016) eta Orgullo y satisfacción.com (2014/2017) eta umore grafikoa lantzen duten beste aldizkarietan ere. Hainbat sari jaso ditu bere lanagatik (beste batzuen artean Mingote Saria 2004an, Nafarroako Prentsa Elkarteak emandakoa). Kartelak egin ditu (2006ko Sanferminetako zezen feria) eta baita Sanferminetako peñen pankartak ere. Erakusketa askotan hartu du parte, azkena Tirabirak izenekoan (UPV-EHUrenean Euskal Herrian barna ibilitakoa, 2016an). Euskarri digitalean ere ikus daitezke bere marrazkiak. Hamabost liburutik gora argitaratu ditu.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)