Edu Zelaieta

Eduardo Zelaieta Anta (Gasteiz, Araba, 1973ko ekainaren 26a) Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, euskal idazlea, itzultzailea eta Mugaldekoak taldearen kidea da. Hizkuntzalaritzan eta Euskal Ikasketetan doktore da. Idazle eta itzultzaile moduan, hainbat genero landu izan ditu: poesia, zutabegintza, kantuetarako letragintza eta haur literatura. Poesiari dagokionez, bi sari nagusi eskuratu ditu (Ernestina de Champourcin 2001ean eta Joseba Jaka Literatur Beka 2003an) eta bakarkako lau liburu argitaratu. Zutabegintzaren aldetik, hainbat hedabidetan kolaboratu izan du maiztasunez: Euskaldunon Egunkaria, Geu Gasteiz, Radio Vitoria, ETB, Argia, Berria eta Hala Bedi Irratia, besteak beste. Hain zuzen ere, komunikabideetako jarduera horrekin lotuta, Mundutik mundua (Arabako hitzontzi baten kronikak) liburua eman du argitara; epilogoa edo hitzatzea Karmele Jaio idazlearena da. Kantuetarako letragintza dela eta, Mugaldekoak taldearentzat idazten ditu testuak eta kantuetarako letrak 2004az geroztik; literaturaren eta musikaren arteko topagune horren ondorioz, hiru disko eman ditu argitara taldeak orain arteko bidean. Halaber, beste musikari batzuei ere letrak idatzi izan dizkie; Estitxu Pinatxori edo Joseba Irazokiri, esaterako.Diziplina artistikoen arteko elkarguneetan interesa agertu du behin baino gehiagotan eta, Mugaldekoak proiektuaz gainera, Eneko Ugarte ilustratzaile eta pintore gasteiztarrarekin zenbait ikuskizun egin izan ditu jendaurrean, baita erakusketa bat osatu ere: Basque misreadings (Berrian gaizki irakurriak) izenekoa . Era berean, MAMIAK kolektiboa sortu du 2021ean beste diziplina batzuetatik datozen Txema Ramirez de la Piscina, Josune Velez de Mendizabal, Marina Suarez, Ander Gondra eta Irantzu Lekuerekin. Kolektiboak Ogiak hizketan baleki izeneko antzezlana, haien lehen lana, aurkeztu du. 2016az geroztik haur literaturan dihardu; esparru horretan espezializatua dagoen Txabi Arnal idazlearekin batera hainbat liburu kaleratu ditu. Haurrentzako itzulpenak ere egin izan ditu, ingelesetik eta katalanetik euskarara Ibaizabal argitaletxearentzat. Azkenik, irakasle eta ikertzaile lanak egiten ditu EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren Sailean. Alde horretatik, Hizkuntzaren eta Hezkuntzaren gaineko hainbat ikerlan idatziak ditu, Euskaltzaindiak argitaratutako Baztan-Bidasoko hizkeren azterketa dialektologikoa doktorego-tesia barne (2009).

Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)

Araba
Gizonezkoa
(1973-06-26) 51 urte
Gaztelania, Euskara
idazle, unibertsitateko irakasle

LANDU ORTOGRAFIA

LANDU LEKU IZENAK

LANDU DEKLINABIDEA