Edurne Brouard Aldamiz (Bilbo, Bizkaia, 1959ko urriaren 23a) politikaria izandakoa eta euskaltzalea da. Gaur egun, euskara irakaslea Lea Artibaiko AEKn. Santiago Brouard, 1984an GALek eraildako Herri Batasunako politikariaren alaba da. Lehen ikastoletan hasi zen ikasten, moja kolegio batean segitu zuen gero, eta UBI Txurdinagako institutuan osatu zuen. Deustuko Unibertsitatean pedagogian diplomatura ikasi zuen, eta aldi berean AEKn hasi zen irakasle bezala lanean. Korrika euskararen aldeko lasterketaren koordinatzailea izan zen 2013rarte. Korrikaren antolakuntzan lan egin du Brouardek azken hogeita hamar urteetan, eta zuzendaritzan, azken seietan. 2020. urtean, KORRIKAren lehendabiziko edizioaren berrogeigarren urtemugaren aitzakian, harengana jo dute, hasierako edizioetako giroa azal dezan, eta, horrez gain, euskararen aldeko ekimen erraldoia behar-beharrezkoa dela aldarrikatu du. 1987an Eusko Legebiltzarreko parlamentari izan zen Herri Batasuna alderdia ordezkatuz aukeratuta. Kargua utzi ondoren, Margarita Bilbao Soler-ek ordezkatu zuen 1990ean.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)