Gontzal Mendibil Bengoetxea (Zeanuri, Bizkaia, 1956ko urtarrilaren 25a) euskal abeslaria da, egile abeslaria. Idazle lanetan ere aritua da: Gorbeiako haizea eleberria idatzi zuen. 5 urterekin egin zuen debuta, herriko koroan mutiko gazteena zelarik. 1973. urtean Abra kantaldian lehen saria irabazi zuen, eta hantxe hasi zen benetan Mendibilen musika ibilbidea. Lehenik bakarrean, 1975ean Xeberrirekin, eta geroztik berriro bakarlari lanetan. Bide emankorra izan da: hamazortzi disko argitaratu ditu, herri mugimenduari nahiz maitasunari eginiko kantuekin. Berak idatzi ditu kantatu dituen letra asko eta asko, baina euskal poeta garaikide askoren olerkiak ere musikatu ditu, eta Jose Maria Iparragirreri eta Aita Arruperi eskainitako diskoak osatu ditu.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)