Juan Martinez de Irujo
© Mikel Garcia Idiakez / Wikimedia Commons / CC BY 2.0

Juan Martinez de Irujo

Juan Martinez de Irujo Goñi, pilota arloan Martinez de Irujo deituraz ezaguna (Ibero, Nafarroa Garaia, 1981eko azaroaren 4a), esku huskako pilotari profesional ohia da. Aurrelari aritzen zen, Aspe enpresarekin. Profesionaletako lehendabiziko partida 2003ko ekainaren 6an jokatu zuen, Iruñeko Labrit pilotalekuan. 2016ko binakako finala izan zen jokatu zuen azken partida; gero aurkitu zioten bihotzeko gaitz batek behartuta hartu zuen erretiroa. Juan Martinez de Irujok iraultza ekarri zuen esku huskako pilotara; batez ere buruz buru jokatzeko erara, baina baita binaka eta lau eta erdian jokatzeko moldera ere. Hark ekarri zuen gaur egungo jokatzeko modua, aireko jokoa gailendu duena. Ohikoa bilakatu zuen sakeak airez errestatzea. Irujo da hiru txapel nagusiak (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa) urte berean janztea bi aldiz lortu duen pilotari bakarra: bai 2006an, bai 2014an bereganatu zituen hiru txapelak. Parte hartu zuen lehenengo Buruz Buruko Txapelketa Nagusia irabazi zuen, 2004an. Esku huska, Irujo eta Aimar Olaizola dira pilotari nabarmenenak XXI. mendean, lehiaketa nagusietan Juanek hamahiru txapel eta Aimarrek hamalau irabazita. Esku huskako inoizko pilotari guztien zerrendan, 20 txapel jaso zituen Julian Retegi handia baizik ez da gorago ageri titulu kopuruari dagokionez. Indar handiko pilotaria, gogor jotzen zuen pilota bi eskuekin, aireko joko handia zuen, abiadura handia ematen zion jokoari, erasora jokatzearen zalea zen (zenbaitetan, gehiegi arriskatuta tanto asko galtzea eragiten zion horrek), ikuskizuna ematen zuen, eta oso defentsa ona zuen orobat. Lehiarako grina handia zuen, eta ikusleengan sentimendu bizia sortzen zuen: hasieran, joko klasikoaren zale askok joko molde azeleratuegia eta burugabea zela uste izan zuten; baina arian-arian, partidak irabazten zituenez eta ikuskizuna ematen zuenez, pilotazale zorrotzenak konbentzitu zituen, eta zale gazte ugari erakarri. Esku huskako hiru modalitateetatik (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa), lau eta erdikoan izaten zuen zailtasun gehien, hain indartsua izaki zaila egiten baitzitzaion bere jokoa eremu murriztu horretara mugatzea; dena dela, modalitate horretan ere irabaziak ditu hiru txapelketa. Binaka jokatzen ari zenean, asko laguntzen zion bere atzelariari, zailduko ziren pilotetara airez sartuz, eta aurkariak atzelaria nekarazten ari zirenean jokalekuan atzerago jarrita pilotakadaren batzuk joz. Irujok irabazi du binakako txapelketa nagusian titulu gehien, Maiz II.arekin eta Retegi II.arekin batera: bosna txapel bereganatu dituzte. Umore eta jendetasun handiko gizona, Mutiloabeitin bizi da, Gemma neska-lagunarekin. Bi alaba dituzte, Arhane (2010eko maiatzean jaioa) eta June (2013ko urrian jaioa). Neska-laguna eta alabak askotan etortzen zitzaizkion pilotalekuan animatzera. Elkarpelota pilota akademia sortu zuen 2016an, Fernando Goñi, Patxi Eugi eta Peio Martinez de Eulate esku huskako pilotari profesional ohiekin batera, eta hor irakasle lan egiten du.

Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)

Nafarroa Garaia
Gizonezkoa
(1981-11-04) 42 urte
Gaztelania
esku huskako pilotari

LANDU ORTOGRAFIA

LANDU LEKU IZENAK

LANDU DEKLINABIDEA