Koldo Izagirre

Koldo Izagirre

Koldo Izagirre Urreaga (Pasaia - Altza, Gipuzkoa, 1953ko ekainaren 21a) euskal idazle oparo, goraipatu eta berritzaileenetako bat da. Literaturaren genero guztiak landu ditu bere idazlanetan: poesia, eleberrigintza, ipuingintza eta saiakera. Hainbat euskal autore klasiko beste hizkuntzetara itzuli ditu, eta literatura unibertsaleko lanak euskaratu ere bai. Helduentzat egindako literaturaz gain, haur eta gazteentzat ere zenbait lan idatzi ditu. Prentsan maiz artikuluak plazaratzen ditu, eta telebistarako eta zinemarako gidoilari lanetan ere aritu izan da.1978an Oh! Euzkadi literatura aldizkari berritzailea sortu zuen, Ramon Saizarbitoriarekin eta beste idazle batzuekin batera, eta 80ko hamarkadan Bernardo Atxagarekin elkarlanean Panpina Ustela aldizka atera zuen. Jose Mari Olaizolarekin batera Ustela argitalpenak bultzatu zituen, idazle, gehienetan berri, eta ilustratzaileen lankidetza, ordura arte urria, praktika ohiko bihurtuz. 2000. urtetik aurrera XX. Mendeko 40 euskal poetaren antologiak apailatu zituen Susa argitaletxean. Literaturaren sareko Armiarma proiektuko bultzatzaile eta lankidea da.Gabriel Arestik aspaldian idazle galegoekin zabaldutako harremanaren bidea berreskuratu zuen 1976an bere lehen itzulpen lanarekin, Castelaoren Kristalezko begia: eskeleto baten oroimenak, (Kriselu, Donostia). Orduz geroztik berrogeitaka dira argitaratu dituen itzulpen lanak argitaletxe eta sail ugaritan, literatura unibertsalaren bilduman barne. EIZIE sortu zuen talde kidea izan zen eta zuzendaritza taldean kide izan zen 1988-1991 urteetan.Galegotik egindako itzulpenen adibideak dira honako hauek: 1985ean Manuel Maríaren bi antzerki-lan Antzerti aldizkarian (Berengela izeneko otarantza baten ibilketak eta biribilketak eta Maiatza zorabiatuaren pastorala izenburuekin), eta 2005ean Manuel Maríaren beraren 32 poema, hizkuntza bietan Antoloxía homenaxe 32 poemas galegos coa sua traducción ao éuscaro liburuan argitaratu zituen Pasaiako udalarekin, Gipuzkoako Galiziako etxeekin eta Fato Cultural Daniel Castelao elkartearekin . 1990ean Offeko maitasuna filma zuzendu zuen. Gidoia ere idatzi zuen, bi urte lehenago Ke arteko egunak filmean egin zuen bezalaxe. Halaber, marrazki bizidunetako pelikuletarako gidoiak egin izan ditu, besteak beste, Fernando Amezketarra, Txirrita eta Lazkao Txiki bertsolariei buruzko teleserieak egin zituen gidoilari gisa Juanba Berasategi eta ETBrekin.Behin baino gehiagotan izan da Euskadi Saria merezi izatetik hurbil baina uko egin izan dio saritua izateari, publikoki bezala pribatuki. Utikan Euskadi Sariak manifestu ezagunaren bultzatzaile eta sinatzaileetakoa da.

Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)

Donostialdea
Gizonezkoa
(1953-06-21) 71 urte
Gaztelania, Euskara
gidoilari, idazle, poeta, itzultzaile, film-zuzendari

LANDU ORTOGRAFIA

LANDU LEKU IZENAK

LANDU DEKLINABIDEA