Mario Onaindia Natxiondo (Lekeitio, 1948ko urtarrilaren 13a - Gasteiz, 2003ko abuztuaren 31) euskal herritar politikaria, idazlea eta ETAko kidea izan zen. Politikagintzan gazte hasi zen Euzko Gaztedian, baina 1967rako ETAko Kultura Frontean zebilen. 1969an Bilbon atzeman zuten. Meliton Manzanas poliziaren hilketan parte hartzea leporatuta, Burgosko Prozesuko epaituetako bat izan zen. Heriotza zigorra ezarri zioten arren, bizitza osoko espetxealdira zigortu zuten azkenik. Kartzelan Marxen zenbait liburu itzuli zituen euskarara eta eleberri bat idatzi zuen, Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak (1977). 8 urte egin zituen kartzelan, 1977an Belgikara erbesteratu baitzuten. Euskal Iraultzarako Alderdiko idazkari nagusia aukeratua, karguari eutsi zion alderdiak Euskadiko Ezkerra izena hartu zuenean. Autonomia Estatutuaren idazketan parte hartu zuen, eta 1980an Euskal Legebiltzarreko kide hautatu zuten. Eusko legebiltzarrean hiru legegintzaldi jarraian jardun zuen. 1981ean ETA politiko-militarrak armak uzteko negoziazioetan parte hartu zuen. 1992an Juan Mari Bandresekin batera, EE PSOEren barruan sartu zuen. Alderdi honen euskal adarrean, PSE-EEn, lehendakariordea eta lehendakaria izan zen, nahiz eta azken kargu hori ezin izan zuen onartu osasun arazoak zirela eta. 1993ko hauteskunde orokorretan senatari hautatu zuten.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)