Mireia Gabilondo (Bergara, Gipuzkoa, 1964ko apirilaren 27a) aktorea, zuzendaria eta gidoigilea da.Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatikoaren Zerbitzuko "Antzerti" Eskolan diplomaduna da. Tanttaka Teatroa eta Tentazioa ekoiztetxeetako kidea da. Eskarmentu handia du zuzendaritzaren eta interpretazioaren munduan, eta Euskal Herriko arte eszenikoen irudi nabarmenetako bat da; izan ere, arrakasta handia izan du antzerkian, dantzan, zineman eta telebistan. 1983an, Fernando Bernués aktore eta zuzendariarekin eta Kike Díaz de Rada aktorearekin batera, Tantaka antzerki-talde donostiarrak hainbat ikuskizun eraman ditu eszenatokira euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez. Hainbat sari jaso ditu, horien artean, 2014ko Max saria. Telebistarako lan egin izan du batez ere, ETBko euskarazko ekoizpenetarako (Jaun ta Jabe, Ertzainak, Martin, edota Altsasu, besteak beste), aktore zein gidoigile eta zuzendari moduan. Hala ere, azken urteotan zinemarako jauzia egin du film luze bi zuzenduz (Kutsidazu bidea, Ixabel eta Amaren eskuak), euskal literaturako bi lan ezagunen adaptazioak direnak. Halaber, Barrura begiratzeko leihoak dokumental nabarmenean ere parte hartu du zuzendari moduan. Antzerkian aipagarriak dira antzezle bezala, Sisiforen paperak, Utzi zuk mezua seinalearen ondoren, Giltzadun etxea, Muxua, Barealdi magikoa eta Soinujolearen Semea, besteak beste. Eta antzerkian ere, baina zuzendaritza lanetan, bere azken muntaien artean, Ameriketako bidaia, Gauekoak (Kukai), Argiaren hautsa edota Erlauntza-enjambre daude. Aipatzekoa da ere Fernando Bernués-ekin batera zuzenduriko El Florido Pensil eta El Florido Pensil Neskak antzezlanak. Fernando Bernués aktore eta zuzendariarekin ezkonduta dago.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)