Oskar Lasa Elizalde, pilota arloan Lasa III.a deituraz ezaguna (Etxarri Aranatz, Nafarroa Garaia, 1972ko urtarrilaren 28a) esku huskako pilotari ohia, esku huskako pilotako irakaslea eta taxilaria da. Pilotan, atzelari jardun zuen, Aspe enpresarekin. Profesional garaian, 1,85 m luze zen, eta 90 kg pisatzen zuen. Lehendabiziko partida 1993ko abuztuaren 4an jokatu zuen, Zarauzko pilotalekuan. 2009. urtea amaitzearekin batean, Aspe enpresarentzat jokatzeari utzi zion. Indar handiko pilotaria, burutsua ere bazen kantxan, eta nekez galtzen zuen pilotarik. Hamasei urtez izan zen pilotari profesionala, eta binaka jokatuz nabarmendu zen: hiru aldiz irabazi zuen Esku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia (1997, 2000 eta 2002), eta behin izan zen txapeldunorde (2004). Gaur egun, Etxarri Aranazko taxi gidaria da lanbidez, eta astialdian herri horretako esku huskako pilota eskolako irakasle da, Aitor Zubieta herrikidearekin batera. Pilota profesionaletik erretiratu eta gero ere, partidak jokatzeagatik ordaindu izan diote, izen handia baitu oraindik.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)