Paddy Rekalde (Bilbo, 1964ko irailaren 5a) euskal idazlea eta poeta da. 1997an argitaratutako Aizu, Paddy! ipuin-liburuarekin hasi zuen bere ibilbide literarioa. Geroztik, narrazio laburrak (Whiskey koloreko gauak, 1999, Txalaparta), eleberriak (Rebel Mayo Colorao, 2002, Txalaparta; Ragga-ragga dator gaua, 2006, Susa) eta poema-liburuak (Sex abaroa, 2000, Txalaparta; Bilbo dub kronikak, 2004, Susa; Spray, 2011, Susa) idatzi ditu. 2005ean, The Clash: punk, rock'n'roll & reggae matxinada, The Clash taldearen biografia liburua, argitaratu zuen Gaztelupeko Hotsak-en. Azken urteotan haur eta gazteei zuzendutako literatura jorratu du, Sagarraren misterioa (2016, Elkar), Kartoizko kaja (2016, Elkar) Eta sagarrondoa banintz? (2017, Elkar), Lapatza (Elkar) eta Itsasadarreko kontuak (Elkar) lanekin. 2011. urtean poesiara itzuli zen Spray (Susa) poema-liburuarekin. Argitalpen horretan bildutako poemak baliatuz, Jukebox EkaHitza ikuskizuna prestatu zuen, hainbat DJ eta grafiti-egilerekin elkarlanean. Poesia, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen ditu emanaldiak.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)