Pedro Horrillo Muñoz (Eibar, Gipuzkoa, 1974ko irailaren 27a) euskal txirrindulari ohia da. Eibarren jaioa, baina Ermuan bizi izandakoa umearo eta gaztaro guztia, bizitzak Abadiñora eraman zuen arte. Txirrindularitzan profesional mailan hasi aurretik, Filosofia ikasten ari zen Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako kanpusean. 1998an debutatu zuen profesionaletan Vitalicio Seguros taldearekin. Ondoren Mapei, Quick Step eta Rabobank taldeetan korritu zuen. 2009ko maiatzaren 16an, Italiako Giroan Culmine di San Pietro mendatea jaisten ari zela eroriko larria izan zuen. 60 metroko amildegitik behera erori zen eta buruan kolpe gogorra hartzeaz gain, ezker hankako izterrezurra apurtu eta saihets ugari hautsi zituen. Bergamoko ospitalera eraman zuten eta koman sartu zuten. Zorionez, zaurietatik ondo osatu zen.2010eko urtarrilaren 8an txirrindularitza profesionala izateari utziko ziola esan zuen, nahiz eta Rabobank taldeak kontratua berritzeko eskaintza egin zion. Pedalei eragiteari utzi ondoren, txirrindularitzarekin lotutako beste eremu batzuetan trebatu zen, esaterako idazle, esatari edota lasterketen antolaketan. Besteak beste da El País, Rouleur eta de Volkskrant argitalpenen kolaboratzaile, Euskal Herriko Itzuliko Zuzendari Tekniko, Frantziako Tourrean Tissot eta Skoda etxeen harreman publikoetarako ordezkari, Giant etxearen enbaxadore.. Txirrindularitza artikulu ugari idazteaz gain, liburuak ere idatzi ditu, baten bat holanderaz.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)