Pottoka Euskal Herriko berezko eta bertako poni motako zaldia da .Bere tamaina zein hainbat ezaugarriengatik, Europako gertuko beste hainbat zaldi txiki arrazen kasuan bezala, ponien sailkapen taldean kokatzen da. Landa eremu latzenetara ondo egokitutako abere indartsua izaki, pottoka milurtekoetan zehar Euskal Herriko mendi zein basoetara moldatutako zaldia da. Bere jatorria oso aspaldian kokatzen da. Azken Izotz Aroa eta gero, Mendebaldeko Europan eta zehazki gure inguruan iraun zuten basa ponietan, hain zuzen. Poni hauen arbasoen hainbat marrazki Euskal Herrian zein gure inguruetan ugaria den Labar Artearen Gune Franko-Kantauriarran agertzen dira, haien artean Ekaingo harpean dauden zaldi marrazkiak bikainenak izanik. Dena den, pottokaren jatorriaren inguruko eztabaidak pizturik dirau, Europako beste hainbat poni arraza zaharren kasuan gertatzen den bezala. Euskal ponia antzinatik Euskal Herriko ohitura, kondaira eta mitoetan nabarmena izan da. Bestalde, Euskal Herriko mendietan libre bizi izan den aberea dugu, negu gorrian ukuilua zapaldu gabe eta gizakiak emandako zaintza eta bazkarik gabe irauteko gai dena. Garai batean hainbat pottoka jabeek euren animaliak harrapatzeko benetako uxaldiak antolatu behar izaten zituzten, abere zeharo basatiak zirelako. Ez dakigu noiz desagertu ziren benetan basatiak ziren azken euskal poniak, baina badakigu erromatarren garaietan basazaldi talde ugari libre zebilela Iberiar penintsulako iparralde guztian barrena, halaxe aipatzen baitira erromatar testuetan. Badago euskal esaera zahar bat zera esaten duena pottoken basatasuna azpimarratuz: "Pottokak mendian ez dira heziak". Jose Migel Barandiaranek garrantzi handia eman zion zaldiari eta Euskal Herrian berezko [Arraza (etxe abereak)|[arraza]] den pottokari euskal kultura, mitologia eta folkloreari buruzko bere ikerketan. Zaldi honen ezaugarri orokorrei dagokienez, ondo osatutako aberea da, neurri ertain eta proportzionatuak ditu eta gorputz gihartsu eta sendoa. Izakeraz berriz azkarrak, gogorrak eta bezatuz gero jabearekiko oso leialak dira. Baron zooteknistaren araberako sailkapenean pottokak soslai zapalaren ezaugarriak ditu, baina soslai artezagoaren eta ganbilaren hainbat eraginekin. Samaldek mendian egoera basatian dauden zaldien ohitura berberak dauzkate. Taldean behor nagusi bat dago, behor "Alfa" delakoa, samaldako zaldiarekin batera hierarkian aurrenekoa dena eta beste behorrak gobernatzen dituena. Ezozein moduan basazaldien eta zehazki pottoken etologiari eta hierarkiari buruz ikerketa eta iritzi berriak zabaldu dira azken urteetan behor eta zaldi alfen ikuspegi zurrun hori zalantzan jartzen dituztenak. Adituek zelta poniak delako taldean sailkatzen dute pottoka. Bertan, besteak beste, Asturiasko asturkoi zaldia dago, Ingalaterrako hego aldeko Dartmoor poniak, Exmoor poni eta New Forest poni arrazak, Galiziako zaldia edo "Faco galegoa", Portugaleko garrano zaldia, Irlandako Connemarako ponia zein Eskoziako Shetland ponia. Europako beste zenbait poni arraza ere zelta ponien multzo honetan kokatzen dira. Euskal Herrian bertako beste hainbat zaldi arraza egon arren, gehienek neurri batean edo bestean pottoka arbasotzat dute, eta bertako pottokak kanpoko arrazekin nahastearen ondorioz sortuak dira. Salbuespenak Ordunteko behorra, Lausako zaldia ere deitua, eta zaldi montxinoa lirateke. Azken bi hauek ere antzinako arrazak direlako, genetikoki eta morfologikoki pottokatik nahiko hurbil daude biak. Zenbait adituk Nafar behoka delako arraza ere nahastu gabeko antzinako arrazatzat jotzen dute, naiz eta azterke genetikoek kontrako ondorioztatu. Dena den, pottoka, Euskal Herriko mendiko zaldia, Nafar behoka eta Aurizko zaldiarekin egindako azterketa genetiko batean, hiru markatzaile genetiko erabiliz, frogaturik geratu zen pottoka dela kanpoko arrazen eragin txikien jaso duen bertako zaldi arraza dela, losino eta montxino zaldiak kontutan hartu gabe. Kanpoko arrazekiko nahasketa handiena jaso duena Auritzeko zaldia da, gero Euskal Herriko mendiko zaldia eta ondoren nafar behoka. Azkena pottoka da. Ordunteko behorren kasuan, arraza hau pottokaren oso antzekoa da, zelta poni deritzona ere bada, euskal ponia baino apur bat handiagoa izanik. Gainera bi arrazen banaketa eremua Ordunteko mendilerroan bertan gainezartzen da. Kontutan hartu behar da abereen elikadurak ere eragina duela tamainan, eta oro har Ordunteko behorrak, lautzako zaldiak deituak baita ere, pottokak baina larre hobeagoetan bazkatzen ohi direla. Egun Lausako edo losino arrazak Burgosko ipar aldean bakarrik irauten badu ere, duela gutxi arte Arabako Gaubea haranera zein Aiara aldera ere zabaltzen omen zen. Baliteke oraindik aleren bat geratzea euskal eskualde hauetan. Arraza honen ipar-ekialdeko gunean, bi arraza historikoki lotu diren gunean hain zuzen, pottokaren eragin nabarmena jaso du. Pottoka arrazak gutxitze eta nahasketa prozesu etengabea nozitu du aspalditik, ia galtzeraino. Azken urteetan ordea, Euskal Herriko zenbait tokitan arraza babesteko eta jatorrizko ezaugarriekin mantentzeko ekimenak abiatu dira, bai herritarren zein erakunde publikoen aldetik. Hala ere, Euskal Herriko poni erdi-basati hauek oraindik ez daude erabat galtzeko arriskutik salbu. Are gehiago, Espainiar Nekazaritzako Ministeritzaren arabera pottoka desagertzeko arrisku egoeran dagoen abere arraza da. Edozein moduan arrazaren egoera kaskartu egin da azken urtetan Ipar Euskal Herrian. Bertan mendiko pottoken nahasketa burutu da kanpoko beste zaldi edo poni arrazekin (zaldi arabiarra, Galestar ponia ...) hipikarako "produktu hobeak" lortzeko.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)