Santiago Idigoras Bilbao (Oñati, Gipuzkoa, 1953ko uztailaren 24a) futbolari ohia da, Errealean jokatu zuena. 1972/1973 eta 1973/1974 denboraldiak Sansen —Errealaren bigarren taldean— eman zituen. Jokalari garai gehienean zeraman bibote handi eta txima luze ilehori deigarriak zirela eta, Oñatiko Bikingoa ezizena jaso zuen, euskal futbolari baten itxura baino bikingo baten edo garaiko alemaniar futbolari baten antza fisiko gehiago baitzuen. Lehen taldera, 1974/1975 denboraldian igo zen, Errealak, lehenengo aldiz, kontinente mailako futbol txapelketa batean parte hartu zuen lehenengoan. Historiako Errealik onenaren partaide izan zen. Aurrelari bezala jokatzen zuen, eskuinetik. 1980/1981 denboraldian, Errealak, bere lehenengo liga lortu zuen, aurreko denboraldiko azken orduko desastrearen ondoren. Hauxe izan zen, Idigorasek Errealean jokatu zuen azkeneko denboraldia. Guztira, 255 partida jokatu zituen, Liga, Errege Kopa eta UEFA txapelketetako partidak kontutan hartuz. Eta 47 gol sartu zituen. 28 urterekin, Errealetik irten, eta Mexiko aldera joan zen futbolean jokatzera. Puebla taldean jokatu zuen Mexikon egon zenean. Denboraldi bakarra eman zuen Puebla taldean, eta, 1982. urtean, Valencia CF taldeak fitxatu zuen. 1982-83 denboraldiaren hasiera, oso itxaropentsua izan zen futbolari oñatiarrarentzat, baina, denboraldia aurrera zihoan ahala, geroz eta gutxiago parte hartzen zuen partidetan, Valentziaren ibilera kaxkarraren ondorioz. 16 partida baino ez zituen jokatu denboraldi osoan, eta 4 gol sartu. Valentzian, Hiltzailea ezizenez ezagutzen zen Mario Alberto Kempes futbolaria ezagutu zuen. Eta, taldearen aurrealdean, argentinarraren bikotea izateko fitxatu zuen Valentziak. Hurrengo denboraldian, 1983-1984an, Gasteizko Alaves taldera lagata joatea onartu zuen. Garai hartan, Alaves Bigarren B mailara jaitsia zen. Bi denboraldi eman zituen talde gasteiztarrean. 1985ean utzi zuen futbol profesionala, 32 urte betetzear zela.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)