Tasio Erkizia Almandoz (Lesaka, Nafarroa Garaia, 1943ko urriaren 23a) ezker abertzaleko politikaria, irakaslea eta apaiz ohia da. 1971tik Bilboko Karmelo ikastolan ibili zen irakasle jubilatu zen arte, eta udalerri hartako Herri Batasuneko kide izan zen alderdi horren sorreratik (1978) desegin eta Batasuna bihurtu zen arte (2001). Herri Batasunaren izenean zinegotzi izan zen Bilbon, zazpi urtez, 1980ko hamarkadan. Alderdi politiko horretako Mahai Nazionaleko kidea ere izan zen. 1984an, 1986an, 1990ean eta 1994an, eusko legebiltzarkide hautatua izan zen Bizkaian, alderdi horrekin berarekin. 1975eko maiatzaren 8an, frankismoaren amaieran, espainiar poliziek atxilotu zuten, eta gogor torturatu zuten Bilboko polizia etxean. Biharamunean ospitaleratu behar izan zuten, osasun egoera larrian. Mediku txostenaren arabera, kolpeek eragindako barne kalteak zituen, hematomak gorputz osoan, abdomena zanpaturik eta barea hautsita, eta bortxaketa saioaren ondorioz uzkia larri kalteturik. Bi hilabetez izan zen hilzorian, dialisi tratamenduarekin.1997ko otsailean, Mahai Nazionaleko beste 22 kideekin bezalaxe espetxeratu zuten, Herri Batasunak hauteskundeetarako ETAren bideoa erabili zuela eta. Guztiak zazpi urteko espetxealdira zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak, baina Espainiako Konstituzio Auzitegiak neurriz gainekotzat jo zuen zigorra, eta 1999ko uztailean libre utzi zituzten guztiak. 2012an urtebeteko kartzela zigorra eta hamabi urteko inhabilitazioa ezarri zioten epai baten bidez 2008ko Argalaren omenaldi batean "terrorismoa goratzea" leporatuta; aldiz, 2021eko ekainean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen Erkizia bidegabe kondenatzeagatik.
Iturria: Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 3.0)